XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Orain ordu bete edo. Maletak postetxean aparkatzea besterik ez dut egin.

Barre egin zuen.

- Ez al duzu eseri nahi? Hementxe duzu beste toaila bat.

Toaila txuri txikiago bat zabaldu zuen bere ondoan, hondarretan.

Tomek esker onez hartu zuen.

- Uretara noa freskatu bat hartzera - esan zuen Dickiek, zutik jarriz.

-Ni ere bai! -esan zuen Margek.

- Bazatoz, Tom?

Tom atzetik abiatu zitzaien.

Dickie eta neska nahiko urrutiraino sartu ziren itxura zenez igerilari bikainak ziren biak, baina Tom ertzaren ondoan geratu zen eta askoz azkarrago atera zen.

Dickie eta neska toailak zeuden tokira itzuli zirenean, hala esan zion Dickiek, neskak hartaratuta bezala:

- Gu bagoaz. Nahi al zenuke etxera etorri gurekin bazkaltzera?

- Ba, bai. Mila esker.

Tomek toailak, eguzkitako betaurrekoak, italiar egunkariak biltzen lagundu zien.

Ez zirela sekula iritsiko pentsatu zuen Tomek.

Dickie eta Marge bere aurretik zihoazen, harrizko eskailera-atal bukaezinei astiro baina gelditu gabe ekinez, aldiko binaka.

Eguzkiak indargabetuta, Tomi dardar egiten zioten hanketako giharrek tarte lauetan.

Sorbaldak, gorrituta zeuzkan jadanik, eta alkandora jantzita zeraman eguzki izpietatik babesteko, baina eguzkia ile artetik bere buruko azala erretzen sentitzen zuen, zorabioa eta goragalea eraginez.

-Larri samar? -galdetu zion Margek, arnasa batere behartu gabe.

Ohituko zara, hemen geratuz gero.

Uztaileko beroaldian ikusi behar zenuen hau.

Tomek arnasarik ez zeukan ezer erantzuteko.

Handik hamabost minututara hobeto sentitzen zen.

Dutxa hotz bat hartu ondoren, zumezko besaulki eroso batean eserita zegoen Dickieren terrazan, martini bat eskuan.

Margek hala proposatuta, bainujantzia soinean zuen berriro, gainetik alkandora zuela.